Aste honetako asteazken eta ostegunean, ontziak eman diziegu Bertokoa Indartuz proiektuko parte hartzaile berriei, eta horrela sartu gara gure 4. fasean.
Batzarrera etorri ezin izan zinetenok zuen ontzia har dezakezue Angulerin bertan, nahi duzuenean.
Izena eman ez baduzu baina parte hartu gura baduzu, ez arduratu, oraindik zaude garaiz: bete eskaera orria eta zurekin jarriko gara harremanetan ontzia emateko.
Parte hartzaile berri hauekin Uriko 160 familia eta 4 denda eta taberna gara, Larrabetzuko lurrak ongarritzeko lanean laguntzen dugunok, gure organikoa bereiziz eta baserritarrei emanez.
Kopuru honekin lortzen dugu urian sortutako hondakin organikoen %30 inguru baliabide eraginkor bihurtzea. Behin konpostatuta, hondakin hauek gure herriko lurrak ondu eta emankorrago egiteko balioko dute.
Horrez gain, honetan ere laguntzen dugu:
• Saihestu egiten dugu baliabide on hauek erreta edo zabortegietan amaitzea.
• Sahiestu egiten dugu hemendik hainbat kilometrotara garraiatzea tratatuak izateko.
• Lagundu egiten diegu herriko baserritarrei, euren diru-sarrerak osatuz bilketa eta tratamenduagatik jasotzen duten ordainketarekin.
• Lurraren kalitatea hobetzen dugu, abeltzaintzarik ezak eta ongarri kimikoek eskastuta eta narriatuta baitago.
Ongi etorri parte hartzaile berri guztioi, eta ekimenarekin gustura bazaudete, zabaldu berria auzokoen eta ezagunen artean, eta anima itzazue izena ematera.
Zenbat eta gehiago izan, handiagoak izango dira ekologian eta gizartean lortuko ditugun onurak!